Sagardoa eta Foruak
SAGARRONDO ETA SAGARRAREN LEGERIA
Sagardoaren alderdi ezberdinak eta bitxikeriak azaltzeko garaian ezin ahaztu bere presentzia euskaldun foru, ordenantza eta legeetan. Sagarrondoa, sagarra eta sagardoari buruzko legeria aberatsa da liburu zaharretan antzeman daitekeenez. Dokumentu guzti horietatik sagardoak garai baten izan zuen garrantzia ondorioztatu dezakegu.
Aitzinean,foruek sagarrondoa babesten zuten. Babes hau ez zen zuhaitzera soilik mugatzen, baizik sagarrondoa zegoen lurrari edo zelaiari ere zabaltzen zitzaion babes hau. Foruak isunak eta zigorrak ezartzen zizkien sagastietan kalteak eragiten zituenari.
Sagardoaren babesa arduratsua eta zehatza izatera iritsi zen: sagarrondoak landatzeko lurraren jabeak lurralde bakoitzeko ordenantzak errespetatu behar zituen, esate baterako zuhaitzen arteko tarte minimoa bat mantenduz eta abar.
Sagarrondoaren babeserako ezagutzen diren lehendabiziko arau idatziak Lapurdikoak dira. Ricardo Lehoi-Bihotzak 1189. urtean idatzi zituen. Arau honen arabera edozein animaliak debekatuta zuen sagastian sartzea edota sagarrak lapurtzen harrapatzen zuten gaizkilea zigortua izango zen. Hamaika adibide aurki dezakegu honen inguruan.
1245. urteko Nafarroako dokumentu batean agertzen denez Cambo eta Ustaritzeko nekazariak Teobaldo I, Nafarroako erregeari protesta egiten zioten sagarren eta kupelen lapurreta zela eta.
1457. urteko Gipuzkoako ordenantzaren arabera, sagaradun bost sagarrondo moztu edo suntsitu ezkero herioz zigorra ezartzen zitzaion; berdin Bizkaian.
1587. urtean HERNANI herriari emandako ordenantzaren arabera, ahuntzaren bat sagastian sartu ezkero, bere jabeak 24 marabedi ordaindu behar zituen, antxumea izan ezkero 12 marabedi zen. Zigorra bikoiztu egiten zen hori gauez gertatu ezkero.
Arauak ere bazeuden sagarrondoak landatzeko orduan: Gipuzkoako foruetan, XXXVIII. tituluan jasotzen denez sagarrondoak landatzeko, zuhaitz arteko distantzia 5,58 metrotakoa izan behar da (neurri berezi horri "sagar-lur" esaten zitzaion), Saran eta Ainhoan XIX. mendean oraindik "Hogei oineko" izeneko neurria erabiltzen zen (oina=0,278 m.)
SAGARDOAREN LEGEGINTZA
Sagarraren eta sagastiekin gertatzen zen bezala bezala, foruak eta ordenantzak nahikoa babeskorrak ziren sagardoarekin.
Hasiera batena sagardoa etxeko kontsumorako soilik erabiltzen zen. Denborarekin sagarra eta sagardoa ordainketarako erabiltzen hasi ziren. Baina benetako merkaturatzea portuak eta bide berriak eraiki zituztenean izan zen.
Legeen arabera kanpoko sagardoa ezin zen herrira sartu bertako bukatu arte. Halere, herriko kanpoan saltzeko baimena bazuten. Hau da, Tolosakoek ezin zuten Hernaniko sagarra edo sagardoa eskuratu bano produktu horiek Hernanin saldu bai. Halaber, Hernanik Tolosan saltzerik bazuen baina debekaturik zeukan handik ekartzea. Egoera honek anitz auzi sorrarazi zituen,gehienetan Batzar Nagusien parte hartzea beharrezkoa izaten zelarik.
Hernanin ( A atalean, 9. bulegoan, I seriean) 1542. urteko ordenantzen arabera hainbat espediente burutu ziren. Lehendabiziko espedientea (1.liburua, 1. espedientea), Esteban de Ollok, Artigako San Sebastian el Antiguo parrokiako biztanleak Hernanin bere sagardoa saldu nahi izateagatik ireki zen.
Atal bereko 3. espedientean, Olaberriagako burdinolari dukado bateko isuna ordainarazi zioten, Hernaniko agintariek Urnietatik ekarritako sagardoa burdinolan aurkitu zutenean.
6. Espedientean (1651 eta 1681 urteetan) sagarraren eskasia zela eta, Hernaniko udalak kanpotik sagarra ekartzeko baimena eman zuen, halaber, bertako sagarra edo sagardoa kanpora saltzea debekatu.
Sagardoaren salmenta guztiz arautua egon zen XIX. mendera arte. Denboraldi bakoitzaren hasierarekin batera, udaletako agintariek sagardotegi eta kupelen irekiera arautzen zuten, baita ere hauen txandaketa. Egun sagardogileek nahi dutenean irekitzen dituzte kupelak; antzina sagardotegi gehiago eta lehiakidetasun handiagoa zegoenez arau eta legeak ezartzen beharrezko zen.
Udaletxeetan sagardo arduradun bat izendatzen zen eta horrek sagardotegi guztietako sagardoak dastatu ondoren, kupelak zigilatu eta zozketa bat egiten zuten kupelen irekialdia errenkadatzako. Denboraldi hasieran behin kupelak zenbakitu eta gero, sagardogile guztiak biltzen ziren eta zozketari ekiten zioten: Zilarrezko bi pitxarretan kupelak adina papertxo sartzen ziren; ateratzen zituzten papertxoek kupelak irekitzeko ordena jartzen zuten. Lehendabiziko bi kupelak 8 egunez irekitzen ziren, ondoren beste biak, hauek ere beste 8 egunez, eta abar. Honela gertatu zen Tolosan 1758. Urtera arte. Bitxikeria bezala, aipa dezagun Gipuzkoako Foruan XXXIX tituluan, 2. kapituluan, suteei buruzkoan irakur daitekeena : "Sutea izan eta ur falta gertatuz gero, ardoa eta sagardoa sua itzaltzeko erabiltzea onartzen da, baita etxeak botatzea ere, kalte-ordaina beharrezkoa balitz ere"