Skip navigation.

Sagardoa XX mendean

Nahiz eta 1885. urtean Gasteizen oraindik sagardo arabarra saldu, mahastiak, patatak eta beste motako zerealak besterik ez zituzten landatzen, sagastiak desagertu ziren arte. Nafarroan beste hainbeste. Egun, Bera eta inguruko herrietako tolareak baino ez dira gelditzen .
Iparraldean ere antzeko zer edo zer gertatu zen eta sagardoaren produkzioak mende honetan ezagutu zuen bere desagerpena. Hau gertatu baino lehen, sagardoaren gehiena Baionatik itsasora joaten ziren arrantzaleentzako zen, bakailaoa eta balearen arrantzan denboraldi handia ematen baitzuten itsasoan.

Euskaldunek itsasoan zuten nagusitasunak behera egitean, Ameriketako emigrazioak eta beste hainbeste faktoreek sagardoaren desagerpenaren abiadura bizkortu zuten lurralde honetan.

Gipuzkoa izan da lege zaharreko sagarrondo landatzea eta sagardoa egitearen ohitura gordetzen duen herrialde bakarra. Mende hasieran, hogeigarren hamarkadan, urteroko gutxi gora behera 30 milioi litro sagardo egiten ziren, 1967. urtean berriz, 1.250.000 litro baino ez zituen egin. 1998.urtean Gipuzkoa produkzioa 8 milioi ingurukoa izan zen , beraz, emeki, esan liteke sagardoaren produkzioa goraka doala, oraindik mende hasieran egiten ziren kopuruetara iristeko asko falta den arren. 1930 urtetik guda zibila hasi arte, Gipuzkoako Aldundiak sagarrondoaren landaketa eta sagardoaren produkzioa sustatzeko saiakerak egin zituen , baina gerla zibilean atzerakada izugarria eman zen berriz ere.

Guda bukatu ondoren leku gutxi batzuetan sagardoa egiten hasi ziren, baina honezkero sagastien suntsipena egina zegoen. Gipuzkoako baserritarrak papera eta eraikuntzarako erabiltzen zen egurra lortzeko pinua landatzearen abantailetaz ohartu ziren eta sagastiak pinuengatik ordezkatu zituzten. Bere garaian artoak hasi zuena, pinuak bukatu zuen. Bestalde, beste motako edarien kontsumoak, ardoa eta garagardoa gehien bat, 50 urteko hamarkadan gelditzen ziren bizpahiru sagardotegien desagerpena bultzatu eta beste motako tabernak irekitzen hasi ziren.

1967. urtean, Gipuzkoan eginiko sagardo kopurua 1.250.000 litrokoa izan zen, inoiz izan den txikiena.

Egun sagardotegien berragerpena ikusten ari gara, baita sagardoaren kontsumoaren igoera ere. 80. hamarkadatik aurrera sagardotegiak berriro modan jarri dira Gipuzkoan. Hainbat baserrietan sagardoa beraien ekonomiarentzat osagai garrantzitsu bihurtu zitekeela ohartu ziren; zoritxarrez, antzinako sagastiak desagerturik daude eta sagardoa egiteko kanpotik, hau da, Asturias, Galizia eta Frantziatik sagarrak ekarri behar dituzte. Honen inguruan Gipuzkoako Aldundia izugarrizko lana egiten ari da sagastien landaketa bultzatzeko