Skip navigation.

Kupel garbiketa

Sagardoa egiterakoan erabiliko ditugun kupelen garbiketa egokia ezinbestekoa da, muztioa kutsatu ez dadin Altzairu herdoilgaitzeko kupelak erabiltzen baditugu, ez dugu garbiketa berezirik egin beharko, edozein garbigarri nahikoa da. Egurrezko kupeletan berriz arreta berezi bat izan beharko dugu:

KUPEL BERRIA: Egurrak erretxina eta polifeno gehiegi ditu eta osagai hauek zapore txarra ematen diote sagardoari. Bi osagai hauek gutxitzen dituen produktu bereziak badaude.

KUPEL ZAHARRA: Kupela zaharra denean egokia izaten da metabisulfito potasikoa duen urez betetzea ( ura ustel ez dadin) honela egurra puztu egingo da. Urez bete baino lehen eta garbiketa osoa izan dadin kupelaren barrualdea karrakatu beharra dago.

GAISOTUTAKO SAGARDO EDUKI DUEN KUPELA: Hurrengo urtean ez badugu nahi antzeko emaitzarik izan kupelak dituen legamiak desager arazi egin beharko ditugu; horretarako kupela ondo baino hobeto garbitu beharko dugu. Orain dela gutxi arte sosa-kaustikoa erabiltzen zen, %2 urean nahasturik, gero ondo garbitu eta ur sulfitatua erabiltzen zen ondo desinfektatzeko.

ONDDOAK DITUEN KUPELA: Onddoen usain txarra ematen diote sagardoari, beraz lehen bai lehen desager arazi egin behar dira. Horretarako onddoak dituen zonalde horri erretzen da, ondoren urratu eta azkenik ondo garbitu.

USAIN TXARREKO KUPELA: Lehenik eta behin usai txar horren arrazoia zein den jakin behar da: Aurreko hartzidura okerra izan delako edota onddoak daudelako Kasu bakoitzean dagozkion neurriak hartuko dira. Usain txarrak jarraitzen badu, klorodun produkturen bat erabiltzen da (lexia adibidez), horrela askaturiko kloroak usain txarra baztertu egingo du, gero ondo ureztatu eta garbitu egin beharko da.

Kupelak ondo garbitu eta mehetu ondoren, ernamuinen sorrera ekiditzeko, atmosfera antzu bat sortu behar da. Horretarako sufrea (2 g./Hl.) erretzen da. Prozesu guzti hau bi edo hiru hilabetera errepikatu beharra dago.

Aitzinean, garbiketa egin ondoren, kare bizia sartzen zen kupelean hau antzutzeko. Horretarako karea zuzenean egurrarekin kontaktuan egon behar zen , bestela ez zuen eraginik izaten.