|
Sagardogintzaren adibide bezala 1998. urtean Urnietako
Errotaberria baserrian eginikoa saiakera hartuko dugu. Etxeko kontsumorako erabiltzen zen
1.250 litrotako kupela betetzea zen urte hartako helburua.
Sagar bilketa hiru sagasti ezberdinetan egin zen urriaren
3 eta 4a bitartean(larunbata eta igandea); guztira 2.000 Kg. sagar bildu zituzten:
- 800 kg. Errotaberria baserriarena den Hernaniko sagasti
batetik.
- 700 kg. Hernaniko Zubillagatarren Errenteriako sagasti
batetik.
- 500 kg. Hernaniko beste sagasti batetik.
Orokorrean, 1998 urtea nahiko txarra izan zen: sagar
gutxi eman zuten sagarrondoek, bai gure baserrian, baita inguruko sagastietan ere eta
sagardogile askok kanpoan erosi behar izan zuten sagarra.
Sagar bilketan, sagar jotzean, tolarean eta kupela
betetzerakoan egindako eguraldia oso euritsua eta hotza izan zen eta hau oso mesedegarria
izan zen sagardogintzarako: sagarrak sagastitik nahiko garbi etorri zirelako, eta hotz
egiteak ernamuinen eta legami basatien ez ugaltzea ekarri zuelako.
Bilketa eskuz eta kizkiak erabiliz egin zen hiru eta lau
lagunen artean. Sagarrak 50-60 kilotako zakuetan gorde eta zuzenean sagardotegira ematen
ziren 4x4 auto batean. Bertan zakuak areto lehor eta ilun batean biltzen ziren.
Sagardotegiko bi solairuak erabili ziren, lehendabizikoa
zakuak biltzeko eta bigarrena berriz sagarra garbitu, jo eta prentsatzeko.
Baserri honek duen tolarea txikia da, eskukoa, mahatsa
prentsatzeko erabiltzen den horietakoa. Estu aldi bakoitzeko 400 kg. patsa sartzen da,
beraz, 2.000 kg estutzeko bost bete aldi egin behar izan zituzten. Prentsaldi bakoitzerako
beheko solairutik 8 zaku igotzen ziren (± 400 Kg.).
Urriaren 5ean (astelehena), goizeko zortzietan
lehendabiziko 8 zakuak igotzen hasi eta bigarren solairuan zegoen 4x2 m2-ko igerileku
batean hustu, hautaketa egin eta sagarrak garbitu zituzten. Behin sagarrak garbitu
ondoren, matxaka erabiliaz sagarra jotzeari ekin zioten.
Lan hau oso motela eta neketsua da matxaka oso motel
ibiltzen baita eta zortzi zaku jotzeko bi edo hiru ordu behar izaten dira. Pertsona batek
tolarea betetzen zuen bitartean, besteak matxaka azpitik txikitutako patsa jaso eta
aldamenean zegoen beste igerileku batean pilatzen zuen. Hemen patsa 5-6 orduz beratzen
uzten zen, askatzen zuen zukua zulo batetara bideratuaz. Behin prentsa bete ondoren
lehendabiziko kolpea ematen zitzaion, hau da, lehendabiziko estu aldia. Zukuaren jarioa
gelditzen zenean eta ahal zen guztia estutu ondoren, patsa atera, aireztatu eta berriro
tolarean sartu behar izaten zen; izan ere patsak zuen zukua ateratzeko 3 edo 4 kolpe behar
izaten zituen. Prozesu hau lau orduz luzatu zen eta bitartean solairutik beste zortzi zaku
sagar igo ziren: garbitu, txikitu eta patsa hurrengo egunerako bigarren
"igerilekuan" beratzen utzi zuten.
Tolarean zegoen patsari eman beharreko estualdiak eman
ondoren, pats lehorra zakutan sartu zen. Azkenik, arratsaldeko zortzietan lana amaitutzat
eman zen.
Urriaren 6-ean (asteartea), goizeko zortzietan beste 8
zaku sagar igo ziren, garbitu eta txikitzeko. Aurreko egunean beratzen utzi zen patsarekin
berriz, tolarea bete eta eman beharreko hiru edo lau kolpeak eman zitzaizkion, kolpe
bakoitzeko patsa atera eta sartuaz. Behin hori egin ondoren, jadanik lehorra zegoen patsa
hartu eta zakutan sartu zen.
Bitartean garbiturik zeuden sagarrak txikitu eta
arratsalderako beratzen utzi zen. Arratsaldean beratzen zegoen patsari zegozkion kolpeak
eman eta patsa-lehorra zakutan sartu zen, bitartean beste zortzi zaku igo, garbitu eta
txikituaz, beratzen utziaz hurrengo egunean dena prest edukitzeko. Arratsaldeko
zortzietarako berriz ere lana amaitutzat eman zen.
Urriaren 7an (asteazkena), goizeko zortzietan, aurreko
egunean beratzen utzi zen patsa hartu eta tolarea berriz ere bete zen, eman beharreko lau
kolpeak emanez. Azkeneko zortzi zakuak hartu eta goiko solairura igo ziren, sagarra
garbitu eta jotzeko. Arratsaldean tolarean zegoen patsa-lehorra atera, berriz ere zakutan
gorde eta goizean beratzen utzitakoarekin azkeneko aldiz tolarea bete zen. Lau kolpe eman
eta arratsaldeko 8-etan lana amaitu zen.
Eginiko lanarekin honako hauek bete ziren :
- 1.250 litroko kupela
- Garagarretarako 50 litroko 3 kupel, barrikoteak egiteko
- 60 litroko egurrezko kupel txiki bat, barrikotea
egiteko
Garagardotarako kupeletako baten edukia, kupel handiak
irakiten zuenean husten zihoan eran betetzeko erabili zen; horrela ez zen airerik sartzen.
Beste kupelak berriz barrikoteak egiteko erabili ziren.
Kupel handiko zukua berehala hasi zen irakiten. Behin bi
irakinaldiak bukatu zirela ikusi ondoren, prozesua amaitutzat azaroaren 15-ean eman zen,
kupelari estalpea jarrita. Kupela abenduaren 20-en ireki zen, etxekoek dastatu zezaten,
eta dirudienez, guztiek beraien oniritzia eman zuten.
|