Kultura

cultura2.jpg

Historia

SAGARRAREN SORRERA

Sagarraren jatorri geografikoari buruzko lekukotasun sinesgarririk ez dago. Hala ere, espezialisten artean nahikoa onarturik dago frutaren jatorria Kaukason dagoela, hau da, Iraneko Iparraldetik, Kaspio Itsasoan, Trebisondaraino, Itsaso Beltzean. Handik Europa Erdialdera iritsi zen eta hango bazterretan Harri Aroko arrastoak ere aurkitu dira. Nolanahi ere, argi dago sagar haziak migrazio guztietako horniduraren osagai zirela.

Nahiz eta Euskal Herriko sagardoaren sorrera eta jatorriari buruzko datu gehiegirik ez izan, jakin badakigu bai sagarra eta bai sagarrondoa aspaldidanik ditugula gurean. Batzuen ustez fruitu hau bertakoa da edota generazio espontaneoz sortutakoa. Izan ere, "Sagar" hitza abizen eta toponimiako izen askotan agertzen da.

Badirudi Euskaldunek sagardoa egiten erromatarren garaian ikasi zutela.

LEHEN ZITA IDATZIAK

Sagarrondoen landaketari buruz aurkitu dugun lehen dokumentua 871. urtekoa da eta San Millan de la Cogollako Kartularioan dago. Data horrekin dohaintza bat egin zen eta dagokion idazpenak honako hau esaten du:

"in billa Stabelli, de illo fresnu usque Salone, cum terminos et pertenentia, et cum terris, bineis, ortos, linares, ferragines, pomamares, ad integritate".Erdi Aro berantiarreko latinetik itzulita, ondorengo hau esan nahi du, Estabillo hiribilduan, hango lizarretik Saloneraino, bere barruti eta ondasunekin eta lur, mahasti, baratze, liho sail, larre eta sagasti guztiekin3.

Luis Mitxelenaren'Textos arcaicos vascos' liburuan irakur daitekeenaren arabera, sagar edo sagarrondoei buruzko lehen idazkiak XI. mendekoak dira. Orain arte aurkitutako zitarik zaharrena 1014ko apirilaren 17koa da. Data honetan, Nafarroako Santxo Handia Erregeak diploma bat eskaintzen dio Leireko Monastegiari; bertan irakur daitezke sagar eta sagardoari buruzko erreferentziak.

Beste hainbeste, Pirinioak gurutzatzen dituen Santio bidea (Orreagako bidetik) egin zuten bidaiari batzuek idatzirik utzitako izkribuetan. Sagardo eta sagarrondoei buruzko erreferentziak asko utzi zuten, Euskal Herriko pasaeran ikusitakoa kontatzen duten pasarteetan.

Aymeric Picaudek , 1134 urte inguruan Santiago bidaiariaren Gida idatzi zuen. XII. mendean, Landetatik pasatzean ikusi zuen antzutasunaz hitz egiten du, lur lau eta hondartsuak, ogi, ardo, haragi eta arrainen faltan. Ondoren Dax eta Bordeleen ikusitako oparotasunaz hitz egiten du, bere ardo eta ogiz, baina Euskal Herrira sartzean bertako jendearen hizkuntza ulertezina dela aipatzen du; bere deskribapenaren arabera, herrialde osoa baso itxiz eta mendi altuz osaturik dago eta bertan ez omen zegoen ez ogi, ez ardo, ez antzekorik, sagar, esne eta sagardoa baizik.

1609an, Bordeleko parlamentuak bidalirik, Euskal Herrira Pierre de Lancre iritsi zen; Inkisidorea izanik ehunaka lagun kondenatu zituen heriotzera bekatari izateagatik. Bere ustez, euskaldunak pertsona madarikatuak eta bekatariak dira, Jainkoagandik urrun daudenak. Izan ere Adan galbidean jarri zuena sagarra izan zen eta bere usteen arabera, sagarra bekatuaren parekoa zen. Sagardoa sagarretik ateratzen zenez, eta euskaldunek sortzen zutenez, hauek ere bekatariak ziren.

Informazio gehigarria